CCOO Irakaskuntza | 20 April 2024.

M8

04-03-2024

Banner M8M 2024

Banner M8M 2024

Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako Negoziazio-Mahaia: patronalek langileen aldarrikapenei erantzunik eman gabe jarraitzen dute

    ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok atzo erregistratutako azaroak 27 eta 30 bitarteko 4 greba egunak babestera animatzen dituzte ikastetxeetako langileak

    19/11/2018.

    Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunei (martxoak 20 eta maiatzak 15-16), gehitu behar zaizkie ikasturte honetan urriaren 9 eta 10ean gauzatutako beste 2ak. Bost greba egunek erantzun masiboa jaso dute sektoreko langileen aldetik, jarraipen-maila %65 eta %70 bitartekoa izanik. Era berean, mobilizazio eta manifestazioetara oldean doaz langileak; kidegoa guztira 9.000 langile ingurukoa bada, 5.000 eta 6.000 langile inguru bildu baitira behin eta berriro greba egun hauetan antolatutako agerraldi eta manifestazioetan.

    Urriaren 9 eta 10eko greba egunek langileen aldetik izandako jarraipen zabalaren ondorioz, sektoreko patronal nagusiaren lehendakaria (Kristau Eskola), sindikatuok hilabete horretan bertan negoziazio mahai batera deituko gintuztela adierazi behar izan zuen publikoki.

    Patronalak mugiarazi ditugu, eta mahaia deitu beharrean ikusi dira, baina gaurko negoziaziomahaian egin diguten proposamena grebara eraman gaituzten aldarrikapenetatik oso urrun dago oraindik, eta 2017ko azaroan mahai gainean jarrita zuten proposamenarekiko ez du aurrerapauso nabarmenik suposatzen (sindikatuok mahaitik altxatzeko erabakia hartu genuen orduan). Funtsezkoak diren gai batzuk aipatu ere ez dituzte egiten, eta aipatutakoak gure eskaeretatik oso aldenduta daude.

    • Enplegua: enpleguari eusteko inolako planteamendurik ez dute egin.

    • Lanaldia eta Lan kargak: Ez irakasle, ez Administrazio eta Zerbitzuetako langileen lan kargak arintzeko proposamenik ere.

    • Hezkuntza laguntza espezialisten eta Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko langileen lana irakaskuntza izaerakotzat hartu eta lan baldintzak hobetzeko planteamendu seriorik ere ez.

    Hezkuntza laguntza espezialistak: Urtean 35 ordu osagarri planteatu dituzte astean 35 orduko lanaldia dutenenetzat. Alde batetik azaroko proposamenarekiko ez du aurrerapaurosik suposatzen (30 ordu osagarri proposatuta zituzten), eta bestetik oso eragin mugatua duen neurria da (HLE gehienek lanaldi partzialak baitituzte).

    Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko langileak: Urtean 100 ordu osagarri planteatu dituzte soilik eta urtean 3 egunera iristen ez den lanaldi murrizketa. Azaroko proposamenarekiko aurrerapauso nabarmenik ez, beraz (90 ordu osagarri poposatuta zituzten).

    • Soldatak: Administrazio eta Zerbitzuetako langileak eta Hezkuntza Laguntza Espezialistak proposamenetik kanpo utzi dituzte.

    Gainerako langileentzat 2018ra mugatzen den proposamen bat egin dute, 2017rako inolako planteamendurik egin gabe eta galdutako eros ahalmena berreskuratzetik oso urrun dagoena.

    DBH1-DBH2 ekiparazioa planteatu dute, baina hau ere langile batzuk aukeratik kanpo utziz.

    Planteamendu honen aurrean, sindikatu guztiok argi utzi diegu patronalei plataforma bateratuan jasotako edukiei erantzuna emango dion proposamen bat izan ezean mobilizazio eta grebak bultzatzen jarraituko dugula eta ez gaudela prest eduki hutsaleko mahaietan parte hartzeko.

    Egoera honen aurrean, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langile guztiak animatzen ditugu datozen azaroaren 27 eta 30 bitarteko 4 greba egunak babestu eta antolatuko diren ekintzetan parte hartzera. Baita ikastetxeetan bultzatzen ari garen batzar eta elkarretaratzeetan parte hartzera ere, benetako negoziazioari ekiten ez dioten bitartean.

    Sektore honetako langileok ia hamar urtean egon gara hitzarmena berritu gabe; eros-ahalmenaren galera metatua %10etik gorakoa da; pedagogiaren modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntzaberrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haurhezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

     

    Lotutako dokumentazioa
    Lotutako dokumentazioa