CCOO Irakaskuntza | 28 March 2024.

M8

04-03-2024

Banner M8M 2024

Banner M8M 2024

Ikasgeletara itzulera seguru, adostu eta kalitatezko baten aldeko sindikatuok egindako proposamenari entzungor egin dio Hezkuntza Sailak

    Astelehenetik aurrera ikastetxeren batean osasun bermerik ez badago, sindikatuok ikastetxe horretako langile eta ikasleen osasuna bermatzeko beharrezko mobilizazio eta ekimenak abian jarriko ditugu

    22/05/2020.

    2019-2020 ikasturte amaierako planifikazioari begira Hezkuntza Sailak erakutsitako inprobisazio, arduragabekeria eta etengabeko irizpide aldaketen aurrean, aste honetan ikastetxeetara itzulera seguru, adostu eta kalitatezko baterako proposamen zehatz bat helarazi diogu sindikatuok Hezkuntza Sailari.


    Proposamenean, ikasturte amaierarako plangintza, aurrez aurreko ikasketetara zein lanera itzultzeko baldintzak, zein segurtasun eta osasun neurri eta protokoloak, langileon ordezkariokin negoziatu eta adosteko galdegiten genion Hezkutza Sailari. Baita, negoziazio prozesu hori ematen ez den bitartean aldebakarrez hartutako erabakiak bertan behera uzteko ere.
    Dokumentu propositibo honetan, Sailak egindako azken planteamenduari ikusten genizkion gabeziak eta hutsuneak aipatzen genituen, ondoren osasuna bermatzeko irizpideak lehenetsiz eta irizpide pedagogikoak aintzat hartuz, ikasturte amaierarako proposamen egoki bat eginez.


    Hezkuntza Sailak sindikatuon proposamenaren aurrean izan duen ekimen bakarra proposamen horretan jasotzen genituen ikasturte amaierako plangintzarako plantemanduei erantzuten ere egiten ez dien dokumentu bat bidaltzea izan da; bere aldebakarreko plangintza abian jarri baino bi egun lehenago gainera. Argi dago helburua ez dela negoziaketa eta elkarrizketa erreal bat bilatzea ez eta langileon ordezkarien proposamenak aintzat hartzea ere. Are gehiago, hezkuntza Sailak langileen ordezkariak parte hartze eta negoziaketa esparruetatik kanpo utzi nahi gaituela berresten da, izan ere dokumentuan esaten denez, sindikatuok ordezkaritzarik izango en dugun jarraipen batzorde bat sortu baitu Hezkuntza Sailak.


    Sindikatuok daukagun informazioaren arabera, eta zentzuzkoa denez, Astelehenean aurrez aurreko ikasketak oso ikastetxe gutxik jarriko dituzte abian, eta abian jarriko dituztenek ikastalde oso mugatuentzat egingo dute, nagusiki errefortzu bat eskatzen duten ikasleentzat edota 2. Mailako Batxilergoko ikasleentzat EBAU azterketaren prestaketari begira.

    Edozein kasutan, Hezkuntza Sailak, denbora eta aurreikuspen nahikoz, ikastetxe bakoitzarekin ikasgeletara modu seguru batean itzuli ahal izateko prozesurik, baliabiderik eta jarraibide egokirik jorratu ez izanak, eragina izan dezake itzulera baldintzetan. Eta litekeena da ikastetxe bakan batzutan osasuna bermatuz ikasketak ekiteko baldintzarik ez egotea edota osasun irizpideak lehenesten ez dituzten baldintzatan planteatzea itzulera.


    Sindikatuok, ikastetxez ikastetxe aztertuko dugu egoera, eta ikastetxeren batean itzulera honi begira, osasun neurriak bermatzen ez badira gure esku dauden tresna guztiak abian jarriko ditugu, ikastetxe horretako langileak lanera ez joateko aukera izan dezaten bai langile beraien bai ikasle horien osasuna bermatzeko.


    Hau horrela, gaurtik aurrera, sindikatuon arteko jarraipen batzorde propio bat sortuko dugu, langile eta ordezkarien esku osasun neurrien inguruko galdetegi bat jarriko dugu, osasun neurriak ez betez gero edo osasun irizpideak lehenensten ez dituzten baldintzak identifikatuz gero, sindikatuokin harremanetan jarri eta osasuna bermatua ez dagoen ikastetxe horietan osasuna bermatu arte beharrezko mobilizazio eta ekimenak abian jarriko ditugularik, greba aukera barne.