CCOO Irakaskuntza | 7 October 2024.

Eguraldia lagun ez izan arren, hezkuntzako milaka langile, familia eta ikaslek hartu dute parte eta batu dira ikasturte seguru eta adostu baten alde sindikatuok gaurko deitutako manifestazioetara

  • Urriak 7ko bileran, sindikatuok gure eskoletan osasuna zein hezkuntza bermatzeko eskaerei erantzuten dioten planteamendu, neurri zein baliabideak mahai gainean jartzeko galdegiten diogu EAEko Hezkuntza Sailari

02/10/2020.
Urriak 2. Manifestazioa

Urriak 2. Manifestazioa

Sindikatuok pasa den ikasturteko maiatza hasieratik ari gara ikasturte honetarako planifikazio bat zein beharrezkoak diren neurri zein baliabide gehigarriak adosteko negoziazio bideak ireki eta abian jartzeko galdegiten Hezkuntza Sailari. Pasa den ikasturtea, aurrez aurreko ikasturte seguru eta adostu baten aldeko mobilizazioekin amaitu genuen eta hau greba egun bat barneratu duen mobilizazio dinamika batekin hasi dugu. Horrela aurrez aurreko ikasturte hasiera abian jartzea posible izan bada, ikastetxeetako zuzendaritza taldeen zein langileen inplikazio zein lanari esker izan da, Hezkuntza Saila izan baita pandemiaren kudeaketan kale egin eta erabat desagertua egon dena.

Hezkuntza Sailaren aldetik, ez da bere ekimenez eskaera horren bidetik doan pausorik eman nahi izan ikasturte hasiera honetan ere. Alde batetik, aldebiko aurkezpenezko bileretaz haratago, eduki, neurri eta baliabide zehatzen inguruko negoziazio bilera deialdirik ez zaigu iritsi Jaurlaritzaren ekimenez. Datorren astean sindikatu guztiok Hezkuntza Sailarekin izango dugun bilera deialdia lortzeko ere, ezinbestekoak izan dira bai sindikatuok, bai ikastetxe, familia zein kolektibo ugarik azken asteotan gauzatutako mobilizazio zein ekimen desberdinak. Bestetik, azken egunotan Hezkuntza Sailak aldebakarreko erabakiak hartzen jarraitu du, besteak beste, sukalde eta garbiketako sektoreetan langileen ordezkariekin negoziatu gabeko kontratazio prekarioak eginik. Sektore hauetan berriro ere inprobisazioak gidaturik, eraginkortasun oso mugatua izango duten zein planifikazio zehatz bati erantzuten ez dioten errefortzurako kontratazioak egin dituzte, langile hauen prekarizazioan sakontzen duten lau hilabeterako kontratuekin.

Urgentea da, osasun krisiak eragindako ikasturte honetan, hezkuntza sailak dagokion ardura bere gain hartu eta gure eskoletan osasuna zein hezkuntza bermatuko duten neurri zein baliabideak modu adostu batean planifikatu eta ikastetxeengana helaraztea lehenbailehen. Horrela ari gara langileak, familiak zein ikasleak galdegiten ekimen eta mobilizazio anitzen bitartez.

Azken egunotan ere, gaurko manifestazioen bitartez zein aurreko mobilizazio guztien bitartez aldarrikatzen ditugun eskaeren aldeko ehundaka atxikipen jaso ditugu, bai ikastetxe publiko, zein ikastola eta gizarte ekimeneko langile, klaustro, zuzendaritza taldeenak, bai Haurreskoletako langileenak, bai Guraso Elkarte askorenak, zein ikasle mugimenduenak ere. Eguraldia lagun ez izan arren, gaurko manifestazioetan beraietan ere, milaka izan dira parte hartu duten langile, familia eta ikasleak.

Gure eskaerak argiak dira eta horregatik Hezkuntza sailari eskatzen diogu urriak 7an izango den bilerara egoerak eskatzen dituen planifikazio integral eta irizpide komunak zein beharrezko baliabide gehigarriak negoziatzeko prest eta langileon ordezkariak mahai gainean jarri ditugun eskaerei erantzungo dioten planteamenduekin agertu dadila.

Euskal Herrian 2020ko urriak 2an