CCOO Irakaskuntza | 20 January 2025.

ABENDUAK 15, GASTEIZ

Igandean (abenduak 15) CCOOirakaskuntzak Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak antolatutako elkarretaratzearen deian eta Foruen Plazako ekintzan parte hartu zuen

    Eskola Publikoa indartzeko diru gehiago jartzeko eskatu zaio Jaurlaritzari.

    15/12/2024.
    EEPH_Gasteiz_elakarretaratzea

    EEPH_Gasteiz_elakarretaratzea

     

    Kontzentrazioaren amaieran elkartutako jendearen aurrean irakurritako Prentsa Oharra:

     

    "EAEren hezkuntza sistemak ez ditu, urtez-urte datu onak islatzen. Sortzen duen eskola segregazioa, hau da, egoera sozioekonomiko apalagatik edota jatorri atzerritarra izateagatik ikasle asko eta asko sistematikoki baztertzea, oso kaltegarria da bai hezkuntza sistemarako baita kohesio sozialerako; EAEn, gainera, ikasle horiengan euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendua sortzea oztopatzen du.

    Hainbat ikerketek diote gure hezkuntza sistema segregazio handikoa dela, eta horren iturriak ez du zerikusirik populazioaren banaketa geografikoarekin ezta hizkuntz ereduekin ere. Segregazioa hamarkada luzeetako irakaskuntza kontzertatuaren aldeko politikaren ondorio zuzena da, zehatzago esanda, kontzertazio ekonomikoa izatearen ondorioa. Berrogei urteetako kontzertazioak ahalbidetu du sare pribatuaren gehiegizko presentzia; kontzertazioa da gure hezkuntza sistema dualaren zergatia; kontzertazioa da, azkenik, orain dugun egoera diskriminatzailearen eta bere ondorio txarren erruduna, arlo akademikoan nahiz sozialean, eta berarekin bukatu arte gainerako adierazleak ez dira hobetuko. Bada garaia, denon artean ordaintzen dugun mekanismo hau birplanteatzeko.

    Alferrik da diru publiko gehiago ematea itunpeko irakaskuntzaren doakotasuna errazteko, horrela eskola-segregazioa murrizteko ametsarekin. Irakaskuntza kontzertatua ez da, eta ez da inoiz izango, doakoa; EAEko Hezkuntza Legeak ere ez dio halakorik eskatzen, eta gainera, sare publikoa eta pribatua parekoak direla dio. Bide horretatik ez dio sekula segregazioari aurre egingo, ezin duelako bermatu ikasle guztien hezkuntza berdintasunean jasotzeko eskubidea

    Irakaskuntza pribatua beharrezkoa ez bada gure hainbat herri eta auzoetan, eskola publikoak denontzat lekua daukalako, zertarako eman diru publikoa aukera pribatu bati? Bada garaia, beraz, urteetan funtzionatu ez duen eta diskriminazioa baino sortu ez duen sistemarekin bukatzeko eta, era progresiboan, kontzertazioarekin bukatzen joateko. Bada garaia eskola publikoa zaintzeko eta lehenesteko.

    2025erako Aurrekontuak eztabaidatzen ari diren honetan, gure proposamena garbia da: eskola publikoak gehienon zerbitzua izan badaiteke, ez du zentzurik enpresa pribatuen bitartez egitea. Ez dezagun erabili denon dirua beharrezkoa ez den hezkuntza-eskaintza batean, ez dezagun jarraitu kohesioaren kontra jokatzen duen kontzertazio-sistemarekin. Erabili dezagun denon diru publikoa denon eskola publikoan."

    EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA